Comisiones Obreras de Navarra | 19 abril 2024.

1º Mayo 2024

CCOOk salatu du administrazio publikoaren behin-behinekotasuna % 50era iritsi dela

  • CCOO sindikatuak ohartarazi du osasun-arloko langileen % 60 aldi baterakoak direla.
  • Nafarroan izan diren gobernuen aurreikuspen falta kritikatu du sindikatuak.

17/11/2020.

CCOOk gaur salatu duenez, Comptos Ganberaren txostenaren arabera, 2019ko behin-behinekotasuna %50era iritsi zen Nafarroako Foru Administrazioan.

Sindikatuaren ustez, egoera larria da, eta, zuzendu beharrean, okerrera doa; izan ere, 2017an behin-behinekotasuna % 45ean zegoen, eta, alde batetik, Nafarroan izan diren gobernuen aurreikuspen falta adierazten du, eta, bestetik, Espainiako Gobernuak administrazio publiko guztiei ezarritako birjarpen-tasa deiturikoaren muga zentzugabea, erkidegoetako eta tokiko gobernuei beren aukerak nabarmen mugatu dizkiena.

Ildo horretan, CCOO sindikatuak adierazi du Foru Administrazioko behin-behinekotasun orokorra 2019an % 50ekoa izan bazen, are deigarriagoa dela datuak sailka aztertzen baditugu; izan ere, hezkuntzan % 49koa izan zen, osasunean % 60koa eta administrazioan % 30ekoa. Hau da, herritarrek gehien eskatzen dituzten zerbitzuak ematen dituzten sailetan, behin-behinekotasuna handiagoa da.

Kontuen Ganberaren txostenak agerian uzten du CCOOtik duela urte batzuetatik salatzen ari garena, eta, horregatik, 2020ko lan-eskaintza publikoaren negoziazioan, irailean gertatu baitzen, ez genuen Nafarroako Gobernuaren proposamena babestu, uste baikenuen ez zela nahikoa behin-behinekotasun handia zuzentzeko eta behin-behinekotasuna % 8ra murrizteko, 2017ko martxoko Enplegu Publikoaren Akordioak ezarri zuen bezala.

CCOOk azpimarratu duenez, kezkagarria da Kontuen Ganberak arazo horri buruz egiten dituen deiek, urtez urte, erantzun egokirik ez izatea: "Langileei dagokienez, plaza finkoen kopuruak behera egiten jarraitzen duela eta lanpostu hutsen kopuruak gora egiten jarraitzen duela nabarmentzen dugu; gainera, langile finkoen bajak ez dira osorik betetzen ari, eta egiturazko beharrak eta iraunkorrak aldi baterako langileekin betetzen dira".

Sindikatuarentzat kezkagarria da administrazio publikoek, gizarte-giro delikatuan, enpleguaren kalitate txarra sustatzea. Jardunbide egokietan eredu izan beharko lukeenak kontratazio-politika justifikaezina egiten du.

CCOOk azpimarratu duenez, lan-merkatu osoan behin-behinekotasuna % 26koa izan zen 2019ko azken hiruhilekoan, baina administrazioaren kasuan kopuru hori bi aldiz handiagoa da.

Horregatik guztiagatik, zerbitzu publikoetan enplegua eta zerbitzu horiek ematen dituzten langileen eskubideak defendatzea funtsezko gaia da CCOOrentzat, eta administrazioek beraiek eredu izan beharko lukete.